Vueling-ek Bartzelonara eguneroko hegaldiak eskainiko ditu martxotik

Vueling

Besteak beste, Erroma, Amsterdam, Mosku, Paris eta Tel Avivekin loturak ditu Vueling-ek Bartzelonatik

Vueling konpainiak Hondarribia eta Bartzelona artean eguneroko hegaldiak egingo ditu martxoaren 25etik aurrera. Astearte, asteazken, ostiral, larunbat eta igandetan Bartzelonatik 07:40an abiatuko dira hegaldiak, eta Hondarribitik 09:25an. Astelehen eta ostegunetan, berriz, 11:00etan aterako da hegazkina El Prateko aireportutik, eta 12:50an Hondarribikotik. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak aste honetan iragarritakoaren arabera, hegaldien batez besteko prezioa 40 eurokoa izango da.

Vueling konpainiak Gipuzkoa eta Bartzelona artean eskainiko duen zerbitzuaz gain, erabiltzaileek Vueling-ek Europako hainbat hiribururekin dituen loturak baliatzeko aukera izango dute. Era berean, martxotik aurrera, Europako erabiltzaileentzako errazagoa izango da Gipuzkoara airez bidaiatzea.

“Sarbide aproposa”
Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, “Euskadiko aireportuetako bidaiarien kopurua jaitsiz zihoala ikusita, sailak ahalegin berezia egin du aireportuak bultzatzen lagunduko duten aukera eta baliabideen bila”. Hondarribiko aireportua “bisitarientzat sarbide aproposa” dela gaineratu dute.

Aireportuko gabeziak zuzentzeko eskatu dio Afodesak Erroitzeneari

Afodesak, Hondarribiko aireportua sustatzeko enpresen elkarteak, pozik hartu du Hellit eta Vueling aire konpainiek Gipuzkoatik hegaldiak eskainiko dituztelako. Egunotan Unai Erroitzenea Mugikortasun eta Garraio Publikoko diputatuarekin bildu dira, eta Gipuzkoako hiriburutik aireportura doan autobus linean ikusten dituzten gabeziak helarazi dizkiote.

Afodesa kexu agertu da aireportuko autobus geltokia terminalaren kanpoan dagoelako. “Espainiako Estatuko 47 aireportuetatik autobus geltokia terminalaren kanpoan duen bakarra da”, esan dute. Aldundiari irtenbidea eskatu diote, “bidaiarientzat oso ezerosoa” delako.

Bestalde, aireportura iristen den lehen autobusaren ordutegia aurreratzea ere eskatu dio Afodesak Erroitzeneari; goizeko sei eta erdietan iristen da Hondarribira, eta lehen hegaldia zazpietan abiatzen da. “Ordu erdi ez da nahikoa adinduek edo mugikortasun arazoak dituztenek fakturatzeko edo enbarkatzeko txartela ateratzeko”, adierazi dute Afodesatik.

Enpresa elkartearen ustez, eta hegaldi berriek bidaiari kopuruaren hazkundea ekar dezaketenez, «une ezin hobea da gabezi horiek konpontzeko».

Etiketak: , ,

Gaurko eskaintza
argazkia
Zaldiak jatetxea
20,00 €

deskontua

%50

Gipuzkoako Ostalaritza Gida

Bilatu zure inguruko sagardotegia

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)