Ikasturte bukaerara iristear da Hondarribiko Musika Eskola. Horregatik, ekimen asko antolatu dituzte ekainera arte, eta azkeneko hilabeteetan eskolako 300 ikasle inguruk ikasitakoa erakutsiko dute. Txomin Sagarzazu Kultur arloko zinegotziak azaldu duenez, «edozein hezkuntza zentrok, ikasleak hezteaz gain, gizarterari ekarpena ere egin behar dio. Zentzu honetan, musika, herritarrengana iristeko biderik onenetakoa da».
Datozen astetako emanaldiak hiriko hainbat lekutan egingo dituzte. Gainera, beste musika eskola batzuekin egindako trukeei esker, Gipuzkoako beste herrietan ere izango dira hondarribiarrak. «Instrumentuen kontzertuak izango dira gehienak, eta talde bakoitzak bere lana kalera aterako du», esan du Arantxa Lasak, ekimenen arduradunak.
Txistulariak, Italiara
Txistuko ikasleak Italiara joango dira datorren astean, eta Europako Gazte Musikarien Jaialdian parte hartuko dute. Europako Musika Eskolen Elkarteak antolatuta, jaialdia hiru urtero ospatzen dute, eta aurtengo ekitaldian, hiriko gazteak barne, 15 eta 25 urte arteko 6.000 gazte inguruk parte hartuko dute.
Musika Eskolaren egitarauaren barruan Gibeletan, San Gabriel egoitzan eta berritasun bezala bezala, Kasino Zaharrean egingo dituzte musika emanaldiak ikasle gazteek. Gainera, emanaldi pedagogikoak egingo dituzte datozen asteetan, herriko gainontzeko hezkuntza eskoletako ikasleei zuzenduta.
Arantxa Arzakek, Musika Eskolako zuzendariak, jendearen aurrean aritzea ere irakaskuntza prozesuan sartzen dela gogorarazi du. «Ikasitakoa taula gainean erakustea pausu bat da. Gainera, familiek egindako lana ikusten dute eta ikasleek, lana erakusteaz gain, publiko bezala ere parte hartzen dute», azaldu du.
Musika Gela
Hil honetan, Musika Gelako emanaldiak ematen ari dira ikasleak. Musika ezagutzarik ez duten pertsonei zuzenduta daude. «Entretenigarriak izatea bilatzen dugu, emaitza pedagogikoak izan ditzaten», esan dute eskolakoek.
Hala, Musika Gelaren barruan, musikari lotutako hitzaldiak, dokumentalak eta film emanaldiak egiten ari dira. Asteazken arratsaldetan dira, eta publiko guztiarentzat prestatu dituzte.
Hala, datozen egunetan Mikel Mate, Amaia Garcia eta Carlos Malles musikariak izango dira hitzaldi eta aurkezpenak egiten. Hainbat musika estilo landuko dituzte, eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatu dituzte.
Gauzak horrela, Musika Gelaren barruan, aste honetarako hiru ekimen prestatu dituzte. Atzo, Hondarribiko Musika Eskolako txistuko ikasleek kontzertu pedagogikoa eman zuten, Irungo ikasleekin batera, eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta izan zen.
Gaur, Musika garaikidea izenekoa ulertzeko gakoak, goiburupean hitzaldia emango du Mikel Matek, Donostiako Musika Eskolako zuzendariak, Zuloaga Etxean, 19:30ean. Larunbatean, berriz, Hondarribiko Musika Eskolako ikasleek trikitixa eta txirula topaketan parte hartuko dute. 11:30ean kalejiran aterako dira eta 13:00etan kontzertua egingo dute Orion. 19:00etan, ordea, Astigarragako frontoian izango dira zuzeneko emanaldian.











